1930ean aireportua eraikitzeko lehen ekimena sortu zuen Udalak. 1930eko otsailean, eraikuntza-proiektua onartu eta hiritik sei kilometro hegoaldera lanak hasi ziren, Noain herriaren ondoan, Madriletik Iruñerako errepidean.
Gerra zibilean, nazionalisten hegazkinek noizean behin erabili zuten aerodromoa. Gerra amaitu ondoren, instalazioak alde batera utzi ziren.
1965eko azaroan, Nafarroako Errege Aerokluba eratzea onartu zen, eta Noainen zuen egoitza. 1968an, Aire Ministerioak 500 metroko hegaldi pista eraikitzea onartu zuen. Lanak hurrengo urtean hasi ziren eta urte horretan bertan inauguratu zen aerodromoa.
1972ko uztailaren 5ean, bidaiarien aire-zirkulazio zibil nazionalerako Noain aireportua ireki zen, hirugarren kategoriakotzat sailkatuta. Hurrengo egunean, Aviaco konpainiak Madrilekin linea erregularra abiarazi zuelarik, 1975ean astero hiru hegaldira heldu zen.
1975eko otsailean hasi ziren hegaldi eremua balizatzeko lanak. Hurrengo urtean zentral elektrikoa eraiki zen.
80ko hamarkadaren amaieran, CAT I-eko ILS hurbilketa instrumentaleko sistema instalatu zen 16. goiburuan, eta Iruñeko aireportuari 34. goiburuan nabigatzeko laguntzak emateko proiektua jarri zen martxan.
1991ko urrian, bidaiarientzako terminal-eraikina partzialki eraitsi zen, eta 2.600 metro karratuko eraikin berri bat eraikitzen hasi ziren, 1992ko azaroaren 11n inauguratu zena.
1993ko azaroan hasi ziren urbanizazioaren eta sarbide publikoko ibilgailuen aparkalekuaren zabaltze-lanak. Obra horien ondorioz, autoentzako 340 toki, alokairuko ibilgailuentzako 24 toki eta autobusentzako 6 toki gehitu zitzaizkion aparkalekuari.
2005etik 2010era bitartean, Aenak inbertsio handia egin zuen, Iruñeko aireportua aireko konpainien eta bidaiarien eskakizunetara egokitutako instalazioez hornitzeko eta kalitate goreneko zerbitzua lortzeko helburuarekin. Aldi horretan abian jarri ziren proiektuen artean nabarmengarriak dira terminal-eraikin berria, aireontzien plataforma eta ibilgailuen aparkaleku publikoa handitzea barne hartzen dituena, eta kontrol-dorre berria. Halaber, 2010ean, pistaren luzera 200 metrotan handitu zen, eta, beraz, 2.407 metrora iritsi zen. Hala, karga betean eta tenperatura- eta hezetasun-egoera txarrean Boeing 737 motako erreaktoredun hegazkinak aireratu ahal izateko konpainia batzuen eskakizunari erantzun zitzaion.